XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edergarri erretorikoak Axularren Gero liburuan

Maiz asko adierazi izan den legez, berbaldiaren ornatu delakoa pentsamendu klasikotik iritsi zaigun doktrina erretoriko eta poetikoan balio eta transzendentzia gehien dituzten kontzeptuetako bat da.

Haren bitartez eman ohi zitzaion berbaldiari zegokion (egokia zen, esan nahi baita) forma, bai prosa artistikoan eta bai bestelakoan.

Jakina, bestelako prosa horren bidez helburu gisa irakurlearen barnea eta sentimentuak hunkitu eta jokamoldeak aldaraztea zuenak bereziki jakin behar zuen tekne erretorikoak eskainitako baliabideak erabiltzen.

Ildo horretatik, XVI-XVII. mendeetan erretorika eklesiastikoaz ziharduten liburu guztietan etengabe azpimarratuko zen predikariek baliabide estilistikoak ezagutzeko zuten premia.

Baliabide horien erabilpen zuzenaz, sermoiak eta idatz zitezkeen liburuak ere, noski egokiago moldatu ahal izango ziren, haien iturri ziren testu sakratuak hobeto interpretatu ahal izango zituzten eta, horren guztiaren ondorioz, predikuan planteatutako helburuak errazago lortuko.

Ezaguna da baliabideen artean nolabaiteko mailakatze edo jerarkizazioak egin ohi zirela, betiere aptum delakoaren eskakizunak gordeaz.

Edonola ere, bitarteko erretoriko gomendagarrienen artean aurkakotasunaz baliatzen zen hizkuntza azaltzen zen eta, gaiaren eta entzule-irakurle motaren arabera, elementu metaforikoaren erabilpen neurtua.

Halaber, erretorikaren edergarri klasikoenak aholkatuko dira beti ohiko prezeptiba liburuetan haien guztien erreferentzia egokienak Eskritura Sainduetan eta Elizako Gurasoen obretan zeudela adieraziz.

Horiekin batera, aszetikaren arlo berezian biziki gomendatzen zen irudien esparrua egokiro lantzea, exenpluak eta konparazioak ere berbaldiaren edergarritzat hartzen zirelarik.

Espero zitekeen bezala, Gero-ren ornatuaren ezaugarri nagusiak ere liburuaren izaera aszetikoak berak bideratuko zituen oro har.

Jakina aszetikako ohiko liburuen ornatua eta hau ere ez da ustegabeko bat egokitua azalduko da urdazubiarrarenean, betiere hark aptum edo egokitasun bertute erretorikoa ulertzen zuenaren arabera.